Merkatuaren arauak

Auzapezaren erabakien erregistrotik erauzia – Arrêté n° 309/2021

Gaia: Aire libreko merkatuen inguruko araudia

URRUÑAKO Herriko Etxeko auzapezak,

Lurraldekolektibitateen kode orokorra eta bereziki L 2121-29, L 2212-1 eta 2 eta L 2224-18 artikuluak ikusirik;

2009ko abenduaren 21eko animalia-jatorriko produktuen eta elikagaien txikizkako salmentari, biltegiratzeari eta garraioari aplikatu beharreko osasun-arauei buruzko ministerio-erabakia ikusirik;

2021eko maiatzaren 25eko ondoko hiru merkatuak sortzeko herriko kontseiluaren deliberazioa ikusirik:

  1. Herri barnean,
  2. Pausun (Behobian), lore eta landareak saltzeko merkatua,
  3. Zokoan

Eta urterako toki eskubideak finkatzen dituena.

ERABAKIA

I – XEDAPEN OROKORRAK

1. ARTIKULUA: Erabaki honek hornidura merkatuei edo bestelakoei eragiten die.

Herri barnean, merkatua René Soubelet plazan eta haurtzaindegiko aparkalekuan eginen da.

Pausun, berriz, Pausuko plazan eginen da.

Azkenik, Zokoan, Untxin aparkalekuan eginen da.

2. ARTIKULUA: Merkatuen sasoinak, irekitze egunak eta tenoreak.

Herriko merkatuen irekitze egun eta tenoreak ondokoak dira:

Herri barnea:

  • Larunbat goiza, Urruñako bestetako larunbata izan ezik, 8:00etatik 13:00etara. Saltzaile guziek plaza utzi behar dute 14:30erako.
  • Sasoina: urte osoan

Pausu: lore eta landare merkatua

  • Igande goiza
  • 8:00etatik 14:00etara. Saltzaile guziek plaza utzi behar dute 15:30erako.
  • Sasoina: urte osoan

Zokoa:

  • astelehen goiza
  • 8:00etatik 13:00etara. Saltzaile guziek plaza utzi behar dute 14:30erako.
  • Sasoina: urte osoan

3. ARTIKULUA: Kokalekuak

Edozein motatakoa izanda ere, kokalekua herriaren eremu publikoan kokatuko da, eta ondorioz, espazio hori okupatzeko baimena behin-behinekoa eta ezeztagarria izanen da.

Arrazoi beragatik, kokaleku horiei ez zaie merkataritza-jabegoari buruzko legedia aplikatuko. Debekatua da espazio horien alokatzea, prestatzea, ematea, osorik edo partzialki saltzea edota edozein motatan negoziatzea.

II – KOKALEKUEN ESLEITZEA

4. ARTIKULUA: Merkatuko kokalekuak esleitzeko arauak auzapezak finkatuak dira, ordena publikoari dagozkion arrazoietan oinarrituz eta eremu publikoaren okupaziorik onena bilatuz.

5. ARTIKULUA: 1. artikuluan agertzen den bezala, merkatu bakoitzaren edukia definitua da eta horien kontuan hartzeko, kokagunea duen saltzaileak ezin du baimenik ez duen merkataritza jarduera bat izan.

Bestalde, ezingo du inork bere salmentaren izaera edo jarduera aldatu, aitzinetik ez badu auzapeza abisatu eta ez badu bere baimenik ukan.

6. ARTIKULUA: Merkatuko kokalekuen esleipena salmenta jardueraren, merkatuko beharren, arlo bereko profesionalen parte hartzearen edo izen-emate ordenaren arabera egiten da.

Kokalekuak horretarako aurreikusia den erregistroko izen-emate ordenaren arabera esleitzen dira, betiere profesionalak gai baldin badira ondotik aipatuko diren beharrezko dokumentuak behar bezala aurkezteko.

Hala ere, auzapezak lehentasunez kokaleku bat esleitu diezaioke merkatuan eskas den edo eskaintza urriegia duen jarduera batean ari den saltzaile bati.

7. ARTIKULUA: Kokalekuak harpidetzazkoak edo egunekoak izan daitezke.

Lehenak, “harpidetzazkoak” hilabetero, hiruhilero edo epeka ordaintzen dira. Merkatuaren azaleraren %80 banatzen da horrela.

Bigarrenak, “kokaleku iragankorrak” egunka ordaintzen dira. Merkatuaren azaleraren %20 banatzen da egunka, zeinetan %5 erreserbatua zaien produktu berezien erakusmahaiei.

8. ARTIKULUA: Harpidetzak

Harpidetzak kokaleku jakin bat segurtatzen dio jabeari.

Hala ere, auzapezak eskubidea du kokalekuak aldatzeko merkatuaren funtzionamendu egokia segurtatzeko gisan.

Harpidedunek ezin dute horren ordainez indemnizaziorik eskatu edo aldaketa ez onartu.

Jarduera eten nahi duen kokaleku jabeak gutxienez hilabete bateko aitzinarekin abisatu beharko du eskuratze agiridun aitzin-abisu idatzi batekin.

Libre diren kokalekuak esleitzeko kontuan izanen den lehentasun hurrenkera:

1. Libre diren kokalekuak, lehentasunez, aitzinetik kokaleku finko bat duen merkatariari esleituko zaizkio, bere antzinatasunaren arabera, baldin eta saltzen dituen produktuak ez badira ondoko edo pareko kokalekuen salmenta-produktu berak. Kokalekua aldatzeko galdea Urruñako auzapezari egin behar zaio, idatziz.

2. Libre den kokaleku batentzat, ez baldin  bada jadanik kokaleku finko bat duen merkatari baten eskaerarik, kokalekurik ez duen eskatzaileari esleituko zaio, saltzen dituen produktuen (ondoko postuekiko), merkatuan duen erregulartasunaren eta bere antzinatasunaren arabera. Eskaera ezeztatua bada, kokalekuen banaketa berri bat den aldi oro berriz egin beharko da.

Bestalde, enpresaka kokaleku bakarra izan dezake.

9. ARTIKULUA: Kokaleku iragankorrak

Kokaleku iragankorrak alde batetik araudi honetan definitzen diren kopuruekin osatuak dira eta bestetik, 8:00etan harpidedunik gabe libre gelditu diren kokalekuekin.

Ondorioz, kokaleku libreen banaketa 8:00etan egiten da. Harpidedunak tenore horretarako ez badu kokalekua okupatu, libre dela kontsideratzen da eta beste profesional bati esleituko zaio. Kokaleku hori ez da definitiboa izanen.

Kokaleku eskaerak kokatzaileak kudeatuko ditu, egin diren ordena kronologikoan, merkatuak duen erregistro baten bidez. Bertan agertuko dira hautagaiaren produktuen kategoria, erabakia, ezezkoa bada arrazoiak, eta baiezkoa bada esleitu zaion kokalekuaren zenbakia.

Zuzenbideko oinarrizko printzipioei jarraituz, besteak beste, erabiltzaileen berdintasuna

zerbitzu publikoak erabiltzean, egun erdiko kokalekuen esleipenak kokatzailearen zerrendarekin beteko dira.

Kasu horretan, kokatzea erregulartasunaren eta antzinatasunaren arabera eginen da.

Kokalekuak 12. artikuluan agertzen diren dokumentuetariko bat aurkezten duten pertsonei esleituko zaizkie.

10. ARTIKULUA: Kokalekuen esleipena ekoizleentzat

Aitzin oharra

Urruña Ipar Euskal Herriko 6. herririk handiena eta kostaldeko herririk hedatuena (5057 Ha) da. Bere azaleraren % 82 eremu naturala (3143 Ha) edo laborantza eremua (1012 Ha) da.

Hain zuzen ere, Nafarroa eta Euskadirekiko mugatik hurbil den gure herriak abantaila anitz ditu.

Xedea, herria beharrezkoa den trantsizio ekologikoan engaiatzea da, eta hori, osasun, ekonomia eta jendarte krisi testuinguru batean.

Lehen erronka, gure garapen ekonomikoaren ardatzak tokiko laborantzan, zirkuitu laburretan eta etorkizuneko sektoreetan (agroekologia eta permakultura) ardaztea da.

Horretarako, herri batzorde bat plantan eman dugu, eta bere helburua izanen da biharko erronkei eta aitzin aipatu ditugun xedeei erantzunen dieten merkatuak gauzatzea.

Ondorioz, kokaleku batzuk laborariei esleituko zaizkie:

1) Merkatuko espazio bat erreserbatuko zaie (gutxienez kokalekuen % 10)

2) Libre diren kokalekuak esleitzerakoan, laborariek lehentasuna izanen dute.

3) Laborariek “harpidedunentzat” aurreikusiriko tarifak ordainduko dituzte,

2. artikuluan aipatzen diren xedapenen arabera.

4) Laborariei ez zaie erregulartasunaren baldintza aplikatuko, beren produktuak sasoinen araberakoak izaten baitira.

Hala ere, data batean ez jitekotan, derrigorrezkoa izanen da aitzinetik abisatzea, kokaleku libreak hobeki kudeatzeko.

5) Laborariek “kalitatezko merkatuen xarta” errespetatu beharko dute.

Beren etxaldeko ekoizpeneko produktuak saltzen dituztenek “EKOIZLEA” jartzen duen afixa gogor bat ezarri beharko dute handiz eta manera ikusgarrian. Afixa hori zinez beren ekoizpenekoak diren produktuen gainean ezarri beharko da.

Izan ere, ekoizleek erositako produktuak ere sal ditzakete.

11. ARTIKULUA: Mugaz gaindiko saltzaileak

Kokaleku bat esleituko zaie mugaz gaindiko ekoizle elkarteei, probintzien arabera (Nafarroa edo Gipuzkoa adibidez), harbidedunen tarifetan. Merkatuaren hasiera baino lehen egin beharko da ordainketa.

Ekoizlea ez bada 8:00ak aitzin iristen, kokalekua birbanatzen ahalko da, dagokion tarifa aplikatuz.

12. ARTIKULUA: Erakusleak eta ibiltariak

1. Erakuslearen definizioa

Erakuslea mugitzen den saltzailea da, eremu publikoan, merkatuetan, azoketan eta gertakarietan tresna edo produktu bat saltzen duena, bere funtzionamendua azalduz eta erabilera erakutsiz. Produktuaren abantailak azpimarratzen ditu eta ondotik saltzen du.

2. Ibiltariaren definizioa

Saltzaile ibiltaria mugitzen da, eremu publikoetan, merkatuetan, azoketan eta gertakarietan produktu ezberdinak saltzeko, multzoka edo banaka (baxerak, tresnak, etxeko oihalak, bitxiak, bixkotxak, etab.).

Salmenta honi “ibiltaria” deitu diogu hemen.

3. Erakusleentzat eta ibiltarientzat aurreikusiriko kokalekuak

Merkatu bakoitzean derrigorrez gutxienez kokaleku bat esleituko zaio erakusle bati eta beste bat ibiltari bati.

Kokaleku horiek zozketaren bidez esleituko dira. Ondoko saltokiak ez trabatzeko gisan kokatuko dira, izan profesionalen partetik edo inguruan bilduko den jende multzoaren partetik.

Ez baldin bada erakuslerik edo ibiltaririk, kokaleku horiek “iragankor” gisa esleituko dira, baina hastapeneko afektazio hori ez dute galduko.

Erreserbaturiko kokalekuak baino erakusle eta ibiltari gehiago baldin badira, zozketa irabazi ez duten erakusle eta ibiltariak libre gelditu diren kokalekuetan ezartzen ahalko dira.

13. ARTIKULUA: Jarduera baten bukaeraren kasuan, kokaleku hori berriz esleitzeko lehentasunak

2014ko ekainaren 18ko legearen arabera, hauek dira kokaleku finko baten transmititzeko baldintzak:

“Okupazio baimen baten jabeak auzapezari bere segida hartuko duen pertsona aurkezten ahal dio, hiru urteko epean, bere jarduera eteten badu. Pertsona horrek merkataritza eta enpresa erregistroan edo  matrikulatua izan behar du eta auzapezak onartzen badu, subrogatua izanen da bere eskubide eta betebeharretan.

Titular baten heriotzaren, desgaitasunaren edo erretretaren kasuan, aurkezpen eskubidea bere eskubidedunei transmitituko zaie eta haietako baten hautua egin dezakete.

Gertaeraren ondotik, 6 hilabeteko epea izanen dute aurkezpen eskubidea gauzatzeko. Segida hasierako titularraren bikotekideak hartzen badu, lehengo antzinatasuna mantenduko du aurkezpen eskubidea gauzatzeko.

“Auzapezaren erabakia eskaera jaso eta bi hilabeteko epean jakinaraziko zaie aurkezpen eskubidea duenari eta segida hartuko duenari. Ezezkoa baldin bada, arrazoiak eman beharko dira”.

Titularrak kokalekua beren izenean jaso duten pertsonak dira. Enpresa baten kasuan, kokaleku bat okupatzeko eskubidea bere ordezkari legalak izanen du, beraz kudeatzaileak, lehendakariak edo zuzendariak, etxaldeko nagusiak edo bestelako pertsona moral batek.

Pertsona morala ezin da juridikoki kontuan hartu.

14. ARTIKULUA: Hautagaitza aurkeztea

 Merkatu batean edo merkatuetan harpidedun kokaleku bat eskuratu nahi duen orok eskaera idatzi bat aurkeztu behar du Herriko Etxean. Eskaera horretan agertu behar dira:

  • hautagaiaren izen-deiturak;
  • sortze data eta sorlekua;
  • helbidea;
  • jarduera zehatza;
  • frogagiri profesionalak;
  • hautaturiko merkatua(k) (ezaugarriak, zenbateko luzetasuna nahi den bakoitzarentzat).

Eskaerak iristen diren ordenan erregistratuko dira herriko etxean, 6. artikuluan aipatzen den bezala. Urte hastapen guziz berritu behar dira.

15. ARTIKULUA: Kokaleku bat eskuratu nahi duten hautagaiek ezin dute aitzinetik kokaleku hori okupatu, ezta merkatuan instalatu ere, bertako agenteek baimendu ezean.

Harpidedunen kasuaren arabera, kokaleku baten titularrak tokia okupatzen ahalko du soilik bertako agenteek baimena eman ondotik.

16. ARTIKULUA: Aurkeztu beharreko dokumentuak

Merkatua profesionalentzat irekia da, eta hori, eskuragarri diren lekuen mugaren barne, arduradunak hautagaiaren egoera balizkoa dela ondorioztatu ondotik, izan harpideduna edo iragankorra.

1) Profesionalek “merkataritza edo artisautza ez-sedentarioko jarduera bat egiteko txartela” aurkeztu beharko dute (lau urte guziz berritu behar da Merkataritza eta Industria ganbarako edo Lanbide eta artisautza ganbarako formalitate zentroetan) edo, berriki deklaratuak izan diren eta jarduera ibiltari bat duten saltzaileek behin-behineko frogagiria aurkeztu beharko dute (hilabete baterako balio du), txartela errezibitu aitzin.

Ez dute jarduera ez-sedentarioak egiteko txartela aurkeztu beharko merkatua egiten den herrian bizi diren edo beren egoitza bertan kokatua duten profesional sedentarioek.

2)  Langileek edo bikotekideak (izan kolaboratzailea, soldataduna edo sozioa) ondokoak izan beharko dituzte:

  • jarduera horren jabea den pertsonaren merkataritza edo artisautza ez-sedentarioko jarduera bat egiteko txartelaren kopia bat;
  • txartelaren jabearekin duten lotura azaltzen duen dokumentu bat;
  • nortasun agiri bat.

3) Laborariek eta arrantzale profesionalek, ekoizle edo arrantzale izaera justifikatu beharko dute, izaera hori frogatzen duten dokumentuen bidez. Laborariek zerbitzu fiskalen ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, laborantza ekoizleak direla frogatzen duena. Arrantzaleek, berriz, itsas aferetako administrazioan eskifaiako kide gisa izen-emate frogagiri bat erakutsi beharko dute.

Dokumentu hauek merkatuko kudeatzaileari edo agenteei aurkeztu beharko zaizkie, segurtasun agenteek egin ditzaketen kontrolez gain.

Artikulu honetan aipatzen diren lanbideei dagozkien dokumentu arautuak aurkeztu ezin dituztenei ez zaie inolako kokalekurik esleituko. 

17. ARTIKULUA: Baimenak kokaleku baterako soilik balio du.

Profesional batek eta/edo bere bikote kolaboratzaileak kokaleku bakarra ukan dezakete ber merkatuan. Ez da salbuespenik eginen.

18. ARTIKULUA: Kokaleku baten titularra den orok asurantza frogagiri bat aurkeztu beharko du, eta dokumentu horrek bere lanbidean aritzeagatik eta merkatuko kokalekua okupatzeagatik, bere erantzukizun profesionala estaliko du, berak, bere ordezkoek edo bere instalazioek eragin ditzaketen kalte pertsonal edo materialengatik.

III – KOKALEKUEN POLIZIA

19. ARTIKULUA: Kokaleku baten esleitzea behin-behinekoa eta ezeztagarria da. Edozein momentutan eten daiteke arrazoia interes orokorra baldin bada. Auzapezak erabaki dezake kokaleku baten okupatzeko baimena kentzea, besteak beste ondoko kasuetan:

  • kokalekua 5 aldiz erabili gabe gelditu bada -erabiltzeko baimena ordaindua izan bada ere- ez bada arrazoi legitimo bat frogatzen duen dokumentu bat aurkezten. Frogagiriaren arabera, huts egiteko baimena ematen ahal du kudeatzaileak;
  • araudi honetan agertzen diren xedapenekiko arau-hausteak errepikatzen eta ohiko bilakatzen baldin badira, lehen aldietan abisu bat izanen litzateke, eta kasuaren arabera, isun bat ere ukan daiteke;
  • segurtasun, lasaitasun eta garbitasun publikoa trabatzen duen jarrera bat baldin bada.

20. ARTIKULUA: 5 astez kokaleku bat ez erabiltzeak ez dio ondoriorik ekarriko titularra den saltzaileari (opor ordainduen legezko epea da).

Aldiz, aitzinetik datak jakinarazi beharko ditu Herriko Etxean. Libre diren kokalekuak saltzaile iragankorrei banatuko zaizkie. Aldiz, oporretatik kanpo, saltzaile batek frogagiririk aurkeztu gabe 5 aldiz huts egiten badu, bere kokalekua beste saltzaile erregularrago bati birbanatuko zaio eta lehenak saltzaile permanente izaera galduko du.

Eguraldiaren arabera, Herriko Etxeak merkatua ezezta dezake.

Laborariek eskubidea dute merkatua huts egiteko beren ekoizpen sasoinean direlarik, baina aitzinetik Herriko Etxean deklaratu beharko dute.

Eritasun baten kasuan, mediku agiria aurkezten bada, kokaleku baten titularrak bere eskubideak atxikitzen ditu.

21. ARTIKULUA: Interes orokorreko arrazoi batzuk direla medio, merkatuaren aldatzea edo ezabatze partzial edo osoa erabakitzen ahal du Herriko kontseiluak, eta horretarako, lehenik eragile profesionalak kontsultatu beharko ditu. Aldiz, kokalekuak desagertuko balira, horien okupatzeko titularrek ezingo dute eskatu engaiatu dituzten gastuak itzultzeko.

22. ARTIKULUA: Merkatuaren funtzionamenduarekin lotuak diren obren ondorioz, profesionalak momentu batean beren kokalekurik gabe gelditzen badira, ahal den neurrian, lehentasunez beste leku bat esleituko zaie.

23. ARTIKULUA: Kokalekuak soilik titularrek, beren bikotekide kolaboratzaileek edo enplegatuek okupatzen ahal dituzte. Kokaleku baten titularrak izanen du herriko autoritatearen aitzinean bere kokalekuaren eta berekin lan egiten duten pertsonen ardura.

24. ARTIKULUA: Kokaleku baten titularra ez da inola ere kokalekuaren jabea. Ezin du bere negozio funtsaren barnean hori ere integratu. Eta bestalde, ezin du bere kokalekua osoki edo partzialki azpi-alokatu, prestatu, saldu edo horrekin negoziatu eta ezin du baimenean onartu zaion jarduera ez den beste jarduerarik egin.

Hala ere, saltzaileak jardueraz alda dezake, aitzinetik auzapeza abisatuz gero. Auzapezak erabakiko du kokaleku berri bat eman behar zaion. Xedapen hau betetzen ez bada, zigortua izan daiteke.

Kokaleku bat errezibitu ondotik, horretarako baimena duen pertsonaren ordez beste pertsona (fisiko edo moral) batek erabiltzea ezkutuko xedea duen edozein akordio edo hitzarmenek, eskubide osoz, aitzin emandako baimenaren kentzea ekarriko luke.

25. ARTIKULUA: Eremu publikoa manera pribatuan okupatzeko, herriko kontseiluak bozkaturiko eskubide tarifak ordaindu beharko dira. Tarifa horiek hunkituak diren eragile profesionalak kontsultatu ondotik finkatu dira, lurralde kolektibitateen kode orokorrak finkatzen duen gisan (CGCT).

26. ARTIKULUA: Kokalekurako eskubide tarifak ordaintzen ez badira edo ordaintzea errefusatzen bada, profesionala merkatutik kanpo geldituko da eta horrek ez dio herriari auziari segida emateko aukera kentzen.

27. ARTIKULUA: Eskubide tarifak kokatzaileari ordaindu behar zaizkio, aplikatzen den prezioan.

Kokaleku batean instalatzen den saltzaile orok errezibituko du ordainketa frogagiri bat, eta bertan zehaztuko dira: data, titularraren edo bere ordezkoaren izen-deiturak, kokalekua, okupazio prezioa eta prezio orokorra. Kudeatzaileak galdetuz gero, aurkezteko gai izan behar du.

IV – POLIZIA OROKORRA

28. ARTIKULUA: Aparkatzea eta zirkulazioa arautuko dituen erabaki bat argitaratuko da.

29. ARTIKULUA: Debekatua da merkatuan:

  • ordena publikoa trabatzen duten jarrerak izatea (oihuak, kantuak, jestuak, mikrofonoak, bozgorailuak, etab.);
  • pasabideetan salmentak egitea;
  • salmahainek beren eremua gainditzea pasabideetara hedatuz edo pasabide bereko beste salmahainak gordetzen dituzten maneran jartzea;
  • istripuak eragin ditzaketen objektuak edo merkantziak zintzilikatzea, adibidez pasabideetan edo aterpeen teilatuetan;
  • oinezkoengana hurbiltzea merkantziak erostea proposatzeko.

Erabiltzaileen pasaiarako eta zirkulaziorako aurreikusiak diren pasabideak libre utzi behar dira etengabe.

Sarrera debekatua dute ausazko jokoek edo diruarekin egiten diren jokoek, besteak beste jostailu loteriek edo zozketa baterako txartela barnean duten merkantzia edo elikagai paketeen salmentek.

Eskean ibiltzea ere debekatua da bere forma guzietan.

Ordena publikoa errespetatzeko gisan, merkatuko saltzaileei debekatua zaie proselitismo erlijioso, politiko edo filosofikoa egitea. 

Debekatua da, bestalde, merkatu barnean edozein egunkari, idatzi edo inprimaki banatzea edo saltzea. Hala ere, dataz pasaturiko aldizkariak edo aldizkari irudidunak saltzea posible da.

30. ARTIKULUA: Merkatuko higienea eta garbitasuna

1. Kokalekuen garbitasuna

Merkatuko erabiltzaileek beren kokalekua garbi utzi behar dute. Ez da hondarkinik gelditu beharko.

Erabiltzaileek, birziklatzeko xedearekin, alde batetik jatorri begetala duten hondarkinak eta olioak bildu beharko dituzte eta beste alde batetik animalia jatorria duten hondarkinak. Ez dira lurrera bota beharko, ontzi hermetikoetan bildu beharko dira.

Hutsik diren edukiontziak (kutxak, kesak, kartoiak, etab.) elkartu eta metatu beharko dira ondotik garbiketa zerbitzuek errexki bil ditzaten.

2. Salmahainak eta elikagaiak

Kontsumitzaileari iristen zaizkion elikagaien higienea arautzen duten 178/2002 eta 852/2004 araudietara gehituriko 1995eko maiatzaren 9ko erabakiaren arabera, kontsumitzaileari elikagaiak saltzen dizkioten profesionalak ondoko puntuen erantzule dira:

  • beren establezimendu edo salmenta puntuko higiene baldintzak
  • kontsumitzaileari iristen zaizkion elikagaien kalitate sanitarioa. Besteak beste:
  • albaitaritza edo marexal zerbitzuetan deklaratuak izan behar dute.
  • dispositiboak aurreikusi elikagaiak manipulatzen dituzten pertsonek eskuak manera higieniko batean garbi ditzaten.
  • Elikagaiekin kontaktuan diren gainazalak mantendu, garbitu, desinfektatu, salmahainak, postuak eta mahainak etab. barne.

Arrain saltzaileen salmahainak eta ontziak egokitu behar dira, izotza urtzean isurtzen den ura eta haien aktibitaterako erabiltzen duten ura ez dadin pasabideetara isuri. Animalia jatorriko produktu guziak hotzaren katearen erregimenean merkaturatuak izan behar dira, CE araudietan ezartzen diren higiene arau guziak errespetatuz.

Xedapen hauek ez errespetatzeak zigorren aplikatzea ekar dezake.

31. ARTIKULUA: Auzapezak, bere polizia-ahalmenean, ordena publikoa trabatzen duen pertsona oro kanporatzeko ahalmena du.

32. ARTIKULUA: Merkatuan parte hartzen duten profesionalek beren lanbideari buruzko legedia eta araudia errespetatu beharko dituzte, bereziki garbitasunari, higieneari, kontsumitzaileari eman beharreko informazioei buruzkoak, hala nola, 1995eko apirilaren 25eko erabakian agertzen direnak, eta produktuei dagokien leialtasunari buruzkoak.

33. ARTIKULUA: Araudi honen arau-hausteek ondorioak izan ditzakete auzitegien aitzinean, indarrean diren lege eta araudien arabera, eta horrek ez ditu ezeztatzen hartzen ahal diren administrazio neurriak.

34. ARTIKULUA: Auzapezak araudi honetako xedapenak betearazteko ardura du.

Araudi honen aurkako edozein arau-huste arrazoituak izanen diren neurri hauen bidez zigortuko da:

Araudiko xedapenen 1. arau haustea: abisua

Araudiko xedapenen 2. arau haustea: behin behineko kanporatzea

Zigorrak arau haustearekiko eta bere larritasunarekiko proportzionalak izanen dira.

Herritarrek administrazioarekiko harremanetan dituzten eskubideei buruzko 2000ko apirilaren 12ko Legearen 24. artikuluan aurreikusten den kontraesaneko prozedura errespetatu ondotik soilik aplikatzen ahalko dira aitzin aipatu neurriak. Bestalde, saltzaileak kontseilu baten laguntza ukatea edo berak hautatu mandatariak ordezkatzea erabaki dezake. (Ikus Grenobleko administrazio auzitegiaren erabakia Karatozonia/Grand Bornand aferan). Behin behineko kanporatzeak ez du kokalekuaren ordainketa ezeztatzen.

35. ARTIKULUA: Merkatuetako batzorde mistoa

1. Xedea

Merkatuetako batzorde mistoaren helburua Herriko Etxearen eta merkatuko merkatari ez-sedentarioen artean etengabeko elkarrizketa bat mantentzea da, merkatuaren antolakuntzari eta funtzionamenduari loturiko gaiei buruz: araudia, merkatuaren antolaketa eta modernizatzea, kokalekuen esleitzea…

3. Osaketa

Auzapezak du lehendakaritza eta erabakitzeko boterea. Auzapezaren inguruan, hautetsi bat, merkatari ez-sedentarioen ordezkari bat eta tokiko ekoizleen ordezkari bat elkartzen dira. Merkatuko merkatari ez-sedentarioen ekarpenak aurkezteko izendaturiko pertsonak, merkatuaren interes orokorren alde iritzia emateko hautatuak diren defentsa profesionaleko erakunde baten kide diren ordezkariak dira.

36. ARTIKULUA: Hartzaileak

Erabaki honen kopia bat helaraziko zaie ondokoei:

  • Baionako suprefeta jaunari,
  • Landesetako eta Pirinio Atlantikoetako merkatari ez-sedentarioen departamenduarteko elkartearen ordezkari jaunari,
  • Urruñako Herriko Etxeko Zerbitzuen Zuzendari Orokorrari,
  • Herriko Etxeko Zerbitzu Teknikoetako Zuzendariari,
  • Urruñako herriko poliziari,
  • Herriko merkatuetan parte hartzen duten merkatari ez-sedentario guziei,

Erabaki hau aplikaraz dezaten, bakoitzak bere heinean. URRUÑAN egina, 2021eko maiatzaren 24an

Auzapeza,

Philippe ARAMENDI